Nafarroako Gazteriaren Institutuak Hasi Gazte-Gizarte Ekonomia Gaztea Sarien hirugarren edizioa jarri du martxan. Sariak Laboral Kutxaren, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkartearen (ANEL) eta Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzaren Europako Zentroaren (CEIN) laguntzarekin antolatzen dira.
Hasi Gazte Sarien xedea da gazteen eta enpresen artean gizarte ekonomiako egitasmoak sustatzea. Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da. Alde batetik, ‘Ekimen Gazte Onena’ atalean ekintzailetza eta hastapeneko fasean diren gazteen egitasmoak saritzen dira. Bigarren atala, ‘Gizarte Ekonomiako Enpresa Gazte Onena’ izenekoa, jada finkatuta daude enpresen jarduera saritzen da. Kategoria bakoitzeko irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.
Egitasmoak
‘Ekimen Gazte Onena’ sariak gazteek garatutako eta bideragarritasuna eta garatzeko benetako aukerak dituzten Gizarte Ekonomiako enpresa-ekimenak saritzen ditu. Kategoria horretan 2019ko irailaren 5 baino lehen enpresa gisa inskribatuta ez dauden ekimenek parte har dezakete.
‘Gizarte Ekonomiako Enpresa Gazte Onena’ sarian, berriz, 2014. urteko irailaren 6tik 2019. urteko irailaren 5 bitartean eratutako enpresen jarduera aintzatesten da.
Hautagaitzak aurkezteko epea datorren irailaren 30era arte izango da zabalik. ANELek finalera iritsiko diren egitasmoak aukeratuko ditu izena ematen duten horien guztien artean. Finalera, kategoria bakoitzeko, gehienez, bost egitasmo iritsiko dira. Finalistek beren egitasmoak aurkeztu beharko dituzte epaimahaiaren aurrean azaroaren 2an. Fase horretan kategoria bakoitzetik hiru egitasmo aukeratuko dira.
Aurtengo edizioari amaiera emateko, abenduaren 15ean, sari-banaketa ekitaldia ospatuko da 2019eko edizioan irabazle izan zen Geltokin. Bertan direnek egitasmoen aldeko botoak eman ahal izango dituzte, azken emaitzaren % 25 osatu arte.
Gizarte Ekonomia oso errotuta dago Nafarroan eta horren barruan, bereziki, kooperatiba eta lan-sozietate gisa eratutakoak dira nagusi (% 60 inguru). Horrela, Nafarroan gizarte ekonomiako 1.250 enpresa baino gehiago daude eta horietan 20.000 pertsona inguruk egiten dute lan, hots, sektore pribatuan lan egiten dutenen % 8,5 inguru.