Zazpi antzezlan aurtengo Unibertsitateko Antzerkiaren Hamabostaldian

Lau konpainia amateur izango dira martxoaren 5etik 14ra bitartean Civivox Iturraman izango den Unibertsitateko Antzerkiaren Hamabostaldian

Nafarroako Unibertsitateko Antzerkiaren Hamabostaldiaren aurtengo edizioak zazpi lan aurkeztuko ditu martxoaren 5etik 14ra bitartean. Aurtengoa programa honen 26. edizioa da eta lau konpainia amateurren lanak eskainiko ditu Iruñeko Civivox Iturraman. Zikloa Nafarroako Unibertsitatea Museoaren Campus Sortzailearen laguntzarekin antolatzen da eta ikusle helduei zuzentzen zaie.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten konpainiak honako hauek dira: Molinos de Viento, Atrezzo, Mutis por el Foro eta Atlantes.

Zikloa martxoaren 5ean hasiko da Molinos de Viento konpainiaren ‘Cuerda’ antzezlanarekin. Martxoaren 6an, Atrezzo konpainiak Miguel Mihuraren ‘Melocotón en almíbar’ lana antzeztuko du. Eta programazioaren lehen asteari amaiera emateko, martxoaren 7an, Mutis por el Foro konpainiak Alejandro Casonaren ‘La barca sin pescador’ antzezlana aurkeztuko du.

Programazioa martxoaren 11an bueltatuko da Atrezzok antzeztuko duen Laurent Baffle-ren ‘Toc toc’ lanarekin. Hurrengo egunean, martxoak 12, Mutis por el Forok Alejandro Casonaren ‘Los árboles mueren de pie’ lana antzeztuko du. Martxoaren 13an Atlantes konpainiak David Clark-en ‘Cicely y David’ antzezlana eramango du Civivox Iturramara. Eta aurtengo edizioari amaiera emateko, martxoaren 14an, Mutis por el Forok ‘La tragicomedia de Calisto y Melibea’ antzeztuko du.

Lan guztiak arratsaldeko 7etan hasiko dira eta sarrerak euro bakar baten truke erosi ahal izango dira. Sarrerak eskuratzeko derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea www.pamplonaescultura.es udal webgunearen bidez, 010 herritarren arretarako telefonoan edo Civivox sareko zentroetan.