Zein da teknologiak medikuntzan duen eragina?

David Ezpeleta neurologoak “Teknologiarekin gutxiago pentsatzen al dugu?” hitzaldia eskainiko du Bidebarrieta Kulturgunean

Bidebarrieta Kulturguneak, “Gaurkotasunarekin topaketak” zikloaren barruan, “Teknologiarekin gutxiago pentsatzen al dugu?” hitzaldia hartuko du ekainaren 11n, 19:00etatik aurrera. David Ezpeleta neurologo eta Espainiako Neurologia Elkarteko lehendakariordeak emango du hitzaldia.

Ezpeletak adimen artifizialaren aplikazioak bezalako aurrerapen teknologikoek medikuntzan duten eraginaren inguruko hausnarketa egingo du. Aurrerapen horiek pazientearen arreta hobetzeko potentzial handia badute ere, haien mugei eta balizko ondorio negatiboei buruzko hainbat dilema etiko ere planteatzen dituzte.

Neurologiaren arloan, adibidez, adimen artifizialak aukera eman ahal digu, txip bat ezarriz, ezagutzen ez ditugun hizkuntzak hitz egiteko. Ildo berean, pentsamendua irakurtzeko gai diren teknologiak ere gara litezke. Baina teknologiaren ondorioak ikusteko ez da beharrezkoa zientzia-fikziozko film batetik ateratakoak diruditen adibideak jartzea. Gaur egun, jada, telefono adimenduen erabilera masiboak gizakion portaera-ereduetan aldaketa nabarmenak eragin ditu. Zenbait adituen ustez, horrelako teknologien erabilerak gizakiok gutxiago pentsatzea ekar lezake.

Dani Álvarez eta Mikel Reparaz kazetariek gidatuko duten saioa doakoa eta publikoari irekia izango da. Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalaren bidez ere zuzenean jarraitu ahal izango da.