2014. urtean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan lankidetzan hasi ginen Eusko Jaurlaritzarekin bizikidetza, memoria eta bakearekin zerikusia duten gaiak jorratzeko. Hamar urte hauetan gazteen iritzi, kezka eta zalantza ezberdinei erantzuteko hainbat egitasmo jarri ditu martxan EGKk. Memoriaren eta Euskadik pairatu duen motibazio politikoko gatazkaren inguruko lanketa izan dira gure abiapuntua.
Gazteok memoriari buruz dakigunaren inguruko ondorio orokorra ez da oso positiboa. Izan ere, gai hori ez da egungo gazteen lehentasunetako bat. Gazte Behatokiaren iazko datuen arabera, memoriaren gaia urrun dago etxebizitzari eta enpleguari buruzko gaietatik, horiexek baitira euskal gazteak gehien kezkatzen dituztenak. Hala ere, lehentasunezko gaia ez izateak ez du esan nahi axolagabetasuna dagoenik. Gazteok badugu gai horri buruz hitz egiteko gogoa eta jakin-mina, eta horren inguruan hitz egiten dugu galdetzen zaigunean edo horretarako espazioak zabaltzen direnean. Adibidez, 250 gaztek baino gehiagok parte hartu dute EGKk antolatu dituen Bake eta Bizikidetzari buruzko dinamika eta ekitaldietan. Horietan ikusi ahal izan dugunez, oro har, gazteok informazio gutxi jaso dugu gai horren inguruan. Badakigu zer gertatu den, baina horren inguruko informazio gutxi jaso dugu.
Duela zenbait urte EGK-k prestatu zuen dokumentalak azaleratzen duen bezala, informazioaren, erreferente askoren eta gertatutakoaz hitz egitean azaleratzen diren sentimenduak kudeatzeko tresnen falta handia somatu dugu. Neurri batean, baliteke horregatik hainbeste gazte hurbiltzea EGKk antolatutako dinamiketara. Hori bai, parte-hartze hori talde txiki, intimo eta beti konfiantzazkoetan egiten da.
Zergatik da hain garrantzitsua transmisioa?
Garrantzitsua da iraganean gertatutakoa ezagutzea, gaurkotasuna hobeto ulertzeko eta interpretatzeko aukera ematen baitigu. Gutako asko 2000. urtetik aurrera jaio ginen, eta oso gazteak ginen garai hartan gertatzen zena ulertzeko. Askotan, oso iragan urruneko gertaerak direla iruditzen zaigu, eta ez dirudi gertatutakoari buruzko interes handirik dagoenik, baina galdetzen hasten garenean edo gaiaz hitz egiteko espazioak planteatzen hasten garenean interes hori azaleratu egiten da.
Aurreko belaunaldietatik transmisioa jaso badugu ere, egia da gauza asko imajinatzea egokitu zaigula. Belaunaldien arteko elkarrizketa falta izan zaigu. Isiltasunak tresna batzuen gabeziarekin utzi gaitu gertatutakoa ulertu ahal izateko.
Isiltasunak gauza asko transmititu ditzake. Isiltasun horrek, sarritan, beldurra edo mina transmititzen du, gaiaz hitz egin nahi ez izatea… Horrek gazteei transmititzen die gaia tabu bat dela, ez dela horri buruz hitz egin behar. Eta hori arriskutsua da. Isiltasunak adierazten du egoera horren aurrean ez dela ezer esan behar, eta horrek esan nahi du giza eskubideen urraketen aurrean ez dela ezer esango. Hori ere oso arriskutsua da.
Transmisioa oso garrantzitsua da, bake positiboan oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiten jarraitu nahi badugu. Erakutsi behar da hitz egin daitekeela, galderak egin daitezkeela, gauzak zalantzan jar daitekeela… betiere errespetuz egiten bada, noski.
Egia da gaurkotasunak aukera berriak ematen dizkigula, baina, era berean, aurreko belaunaldiekin lotzen gaituen lotura emozionala zama bat izan daiteke. Karga hori alde batera uzteko garaiz gabiltza, eta horretarako gure artean hitz egin behar dugu. Hitz egiteak esan nahi du, halaber, alboan dugun pertsona entzutea beharrezkoa dela. Elkarrizketak eta besteen bizipenak entzuteak humanizatu egiten gaitu. Testigantzek balioa erraldoia daukate.
Jarrai dezagun memoria kolektiboa eraikitzen. Gazteak gara eta izango gara Giza Eskubideetan oinarritutako memoria kolektibo hori eraikitzeko itxaropena.