Zer estaltzen du aseguru batek hondamendi naturala gertatuz gero?

Valentzian pairatu dutena bezalako natura-hondamendi kasuetan Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak estaltzen du zure aseguruak estaltzen ez duen hori

Urriaren amaieran Valentzia, Gaztela-Mantxa eta Andaluziako zenbait eskualdetan pairatu zuten depresio askatuak edo tanta hotzak (gaztelaniaz DANA izenarekin ezagutzen den fenomeno meteorologikoa) 200 hildako baino gehiago eta kalte material ugari utzi ditu. Milaka kaltetu geratu diren egoera ikusita, logikoa da gure buruari galdetzea kalte-ordainei eta eragindako kalteak erreklamatzeko prozesuari buruz. Hots, zer egin beharko genuke hondamendi natural baten ondorioak pairatuz gero, gutxienez galdutakoaren zati bat berreskuratu ahal izateko?

Espainian, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari atxikitako erakunde publikoa den Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak (AKP) du aseguru-etxe pribatuek estali ezin dituzten kalteak aseguratutako pertsonei kalte-ordaina emateko ardura.

Zer estaltzen du Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak?

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak ohiz kanpoko kalteak ordaintzen ditu, hala nola natura-hondamendiek eragindakoak, baina, betiere, kaltetuek indarrean dagoen aseguru bat badute eta dagozkien kuoten ordainketa egunean badute. Erakunde horrek Estatuan ordaintzen diren aseguru guztietatik ehuneko txiki bat jasotzen du horrelako ezbeharrei aurre egin ahal izateko.

Ohiz kanpoko kalteen aurrean estaldura eskaintzen duten aseguru motak honako hauek dira:

  • Bizitza-asegurua: Heriotza gertatuz gero, AKPk kalte-ordaina ematen die bizitza-aseguruaren polizan izendatutako onuradunei.
  • Istripu-asegurua: Lesioak izanez gero, istripu-asegurua duten pertsonek konpentsazioa jaso ahal izango dute.
  • Etxe-asegurua: Horrelako aseguruek etxebizitzaren egitura eta edukia babesteaz gain, alokairuko higiezinetako errenten galera eta aldi baterako bizigarritasunik eza ere estal dezakete.
  • Jabekideen komunitatearen asegurua: Eremu komunak estali ohi ditu, hala nola eskailerak eta lorategiak. Zenbait kasutan, egitura eta altzariak ere barne har ditzake.
  • Merkataritza- eta enpresa- asegurua: Lokal komertzialetan, altzarietan eta salgaietan izandako kalteak barne hartzen ditu eta, polizan horrela jasota balego, irabazietan izan daitezkeen galerak ere estal ditzake.
  • Auto-asegurua: Natura-hondamendien eraginez kaltetutako ibilgailuak AKPk estaltzen ditu.
  • Nekazaritza-asegurua: Laborantza, ganadu eta instalazioetako kalteak estaltzen ditu.
Nola erreklamatu? 

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta aseguru-etxeek erreklamazioak ahalik eta lasterren egitea gomendatzen dute. 

Kalteak izan dituzten aseguratuak zuzenean jar daitezke harremanetan bere aseguru-etxearekin edo AKParekin eta horiek izandako kalteak ebaluatuko dituzte kalte-ordaina kudeatzeko.

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak ezohiko kalteak ordaintzen ditu, hala nola natura-hondamendiek eragindakoak, baina, betiere, kaltetuek indarrean dagoen aseguru bat badute eta dagozkien kuoten ordainketa egunean badute

Kalteak materialak direnean ezinbestekoa da aurkeztea aseguru-polizaren inguruko datuak (aseguru-etxea eta polizaren zenbakia), titularraren datu pertsonalak eta bankuko datuak kalte-ordaina kobratu ahal izateko.

Kalteak ibilgailuetara mugatzen badira, ibilgailuaren inguruko xehetasunak eman beharko dira: marka, modeloa, matrikula… Kaltetutako ibilgailua tailerrean balego, tailer horren helbidea ere eman beharko da peritatzea egin ahal izateko. Era berean, hondamendiaren egunean ibilgailuaren kokapena zein zen adierazi beharko da.

Kalteak pertsonalak direnean, istripu- edo bizi-aseguruaren inguruko xehetasunak aurkeztu beharko dira. Heriotza izan den kasuetan, Justizia Ministerioak bizitza- eta istripu-aseguruen erregistro bat du, onuradunen identifikazioa errazteko.

Beharrezkoa al da ‘hondamendi eremu’ izendatzea?

Aseguruen kalte-ordainak jasotzeko ez da beharrezkoa gobernuak kaltetuta izan den eskualdea ‘hondamendi eremu’ izendatzea. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa eta aseguru-etxea asegurua duten pertsonen kalte-ordainak automatikoki kudeatzera behartuta daude, gobernuaren erabaki hori alde batera utzita.

Kalte-ordainak

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak emango duen kalte-ordaina edo indemnizazioa aseguru-polizan zehazten den ‘zenbateko aseguratura’ edo ‘kapital aseguratura’ mugatuko da. Kopuru hori sinatutako kontratuaren arabera alda daiteke.

Alokatuta dauden etxebizitzen kasuan, adibidez, posible da alokairu-errentaren galeratik kalte-ordainketaren bat jasotzea kontratuan hala jasotzen bada. Etxe-aseguruek aldi baterako bizigarritasunik eza ere estal dezakete, jabeei ostatua eskainiz polizan jasotako baldintzen arabera.

Aseguru-etxeetatik jasotako kalte-ordainketak bateragarriak dira bestelako laguntza-publikoekin, betiere, jasotako ordainketak izandako kaltearen balioa gainditzen ez badu. Horrelako kasuetan, ez da zergarik ordaindu behar jasotako kalte-ordainengatik edo laguntza publikoengatik.