Gazte, zenbat aldiz egin izan dizute galdera hau azken urteotan? Gurasoak alde batera utzita, badirudi gazteen egoera ez dela interesgarria suertatzen gainontzeko helduentzako. Menturaz, gaztetxoentzako argitaratzen dituzten sasi-aldizkari horietan agertzen diren inkestak betetzeko edo betiko topikoak eraikitzeko, hots, “gazteek beti mugikorrera itsatsita dihardute”, “oso idealistak dira”, “ez dira konprometitzen”…eta abar. Zure burua isladatuta ikusten duzu ispilu honetan?
Elkar ezagutzen garenetik, UNICEFek –gu geuk- egiten duen lanaren berri eman nahi izan dizugu Gazteberrik eskeintzen digun tarte hau medio. Askotan entzun izan duzu, seguru, UNICEF Siriako edo Afrikako umeen euskarri nagusia dela. UNICEFek, marka globalizatua bezala, munduko haur kalteberak laguntzeko egiten duela lan. Askotan pentsatu izan duzu ere, “gaitzerdi Euskal Herrian jaio naizela, hemen ez baititugu horrelako arazorik!”. Alde batetik arrazoia daukazu. Bestetik ez.
Hasteko eta bat, egoera konparaezinak direla aitortu beharra dago. Siriako haurrek gatazka armatu baten erdigunean pasatzen dituzte haien egunak, bombak eta misilak gainditzen eta, bestalde, Afrikan bizi direnek ez daukate zer janik eta zer edaterik. Euskal Herrian bizi zaretenok oso baldintza onak disfrutatzen dituzue, zerbitzu publiko eraginkorrak kudeatzen dituen gobernu egonkorra badago eta gainera, osasuntsu bizitzeko baldintza guztiak baliatu ditzakezue. Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak jasotzen dituen eskubideak bermatuak dituzue.
Tira, nahiko ondo
Guk, arestian aipatutako galdera hori egin dizuegu eta erantzunak txosten batean jaso ditugu: Haurren eta Nerabeen egoera Euskadin: Euskal Itun baterantz Haurren eta Nerabeen alde. Lan honen bidez politikagintzan eragina izan nahi dugu eta horretarako zuen iritzia jasotzea beharrezkotzat jo dugu.
Oro har, ondo zaudetela esan diguzue, kirolariak zaretela baina telebista eta internet nahiago duzuela (batazbeste 2 ordu baino gehiago egunero). Osasunaren esparruan, ondo sentitzen zaretela, % 94,6k janari solidoren bat gosaltzen duzuela eta % 75,2k gutxienez egunean bi aldiz garbitzen dituzuela hortzak. Hezkuntzan, ikasle onak zarete: DBHa bukatzen duzutenok gehiengoa zarete eta gainera, geroz eta haur eta nerabe gutxiago uzten duzutela eskola. Honek pozten gaitu, hezkuntza eta formakuntzaren garrantzia ulertzen duzuelako eta zuen gurasoak ikastera bultzatzen zaituztelako.
Ez hain ondo, motel
Datu txarrak ere bildu ditugu eta hobetzeko abiapuntutzat hartu ere. Haurren Ongizate Materialaren eremuan aurkitzen ditugu gainbehera sufritu duten zenbait adierazle, UNICEFen txostenak azaltzen duenez: pobrezia-arriskua pertsona gazteagoengana eta seme-alabak dituzten familiengana lekualdatu da; lau haurretatik bat (% 25,3) pobrezia-arriskuan edo gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dago eta % 11,8a oso lan-intentsitate baxuko familietan bizi da (2010ean datu hori %5etik beherakoa zen). 100 haurretatik 12 bizi dira enpleguko pobreziak erasandako familietan. Adibidez, honek esan nahi du, zure bizilaguna ezingo duela oporretan joan, edota, haragia, arraina edo oilaskoa astean hirutan jan.
Datu hauek ardatz, erabakiak hartzen dituztenengan jotzeko arrazoi mamitsua daukagu: haur eta nerabe guztien bizitza hobetu nahi dugu. Horregatik sortu genuen UNICEF 1946an, Bigarren Gerra Mundialaren eraginez sufritzen ari ziren haurrak laguntzeko.
Gurera bueltatuz, politikariei eta instituzioei eskatzen diegu zuek –haurrak eta nerabeak- politika publikoen bihotzean kokatzea. Zuei dagokizuelako gure herrialdearen etorkizuna baina, baita oraina ere. Ez zaiteztela beldurtu zuen erantzukizunaren inguruan entzundakoan. Azkarrenak eta prestatuenak zarete. Danori dagokigu zuen ongizatea bermatzea, baita zuei ere. Horretan UNICEF lagun izango duzue. Zer moduz sentitzen zara orain?
UNICEF – Euskal Herriko Batzordea