Center for Strategic and International Studies (CSIS) eta McAfee konpainiak elkarlanean egin duten “The Economic Impact of Cybercrime: No Slowing Down” txostenaren arabera, ziberdelinkuentziak, gero eta inpaktu ekonomiko handiagoa du. Aipatu txistenaren arabera, urtero, ziberdelituek 495 milioi euro inguruko kostua dute, hau da, munduko Barne Produktu Gordin osoaren % 0,8 inguru. Aipatu txostenean bertan azpimarratzen denez, delitu zibernetikoaren kostua Interneten munduko ekonomiarekin alderatuta aztertzen bada (3,64 bilioi euro 2016an), ziberdelinkuentzia % 14ko zerga gisa ikus daiteke.
Inpaktu globala duten delituek aurrera egin ahala, ziberdelinkuentzia sailkapen horren hirugarren postuan kokatu da, gobernu-ustelkeria eta narkotrafikoaren atzetik, hain zuzen ere. Txostenean agerian geratzen denez, ziberdelinkuentzia mundu osoari eragiten dion arazoa da. Bertan azaltzen denez, “online zerbitzuak erabiltzen dituztenen bi herenek horrelako delituren bat jasan dute”. Delitu zibernetikoen tipologia askotarikoa da eta, urtero, delitu berriak azaltzen dira. Horietatik guztietatik, datuen bahiketa edo ramsonware izeneko delitua litzateke, gaur egun, mehatxurik handiena.
Azterlanean mundu osoko datuak aztertu dira eta horietan oinarritua, mehatxu-maila herrialde bakoitzaren zibersegurtasun-mailaren arabera aldatzen dela ondorioztatzen da.