Euskadik zibersegurtasunaren esparruan erreferente bilakatu nahi du, baina, momentuz, gai horrek erakundeen arteko arazoak besterik ez ditu sortu. Izan ere, baten faltan, bi izango dira gure lurraldean izango diren zibersegurtasun-zentroak. Bata, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatuko duen zentroa da eta, bestea, Eusko Jaurlaritzak Araban eraikiko duena. Kasu bietan, zentroak udazkenerako martxan izango direla iragarri da eta, kasu bietan ere, helburua zibererasoak ekiditea izango da. Zentro biak osagarriak izan daitezkeela azpimarratu den arren, Gipuzkoako Foru Aldundiko lehen diputatu nagusiorde Denis Itxasok Jaurlaritzaren erabakia kritikatu du. Itxasoren ustez, “Gipuzkoa horretarako sobera prestatua dago, eta Foru Gobernuak hilabeteak darama lan horretan”.
Miñaon izango den zentroa prebentzioan eta zerbitzuen garapenean zentratuko da. Gipuzkoakoak, berriz, herrialdeko industria izango du ardatz eta Industria 4.0n zentratuko da. Gipuzkoako Sustapen Ekonomikorako diputatu Ainhoa Aizpururen ustez, zibersegurtasuna herrialdeko enpresen lehiakortasunerako ezinbesteko faktorea bilakatu da. Horregatik, enpresek euren produktuak eta prototipoak aztertzeko laborategi bat ere eratuko da.