Urritik aurrera, langabezian diren 30 pertsonari zibersegurtasunaren inguruko prestakuntza emango diete Vital Bootcamps ikastaroek. Ikastaro horiek enplegura erabat bideratutako intentsitate handiko ikastaroak dira eta sektore teknologikoko profesionalen eskaera gero eta handiagoari erantzuten diote.
Europako Batzordearen xedea da 2030erako Europar Batasunean enplegu osoaren % 10 informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) espezialistena izatea. Estatuan, horrek esan nahi du, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) datuen arabera, 1,39 milioi IKT espezialista inguru gehiago behar direla. DigitalEs sektore teknologikoko patronalak adierazi duenez, gaur egun talentu falta dago, eta horrek IKTetan 120.000 enplegu baino gehiago betetzea eragozten du; horietatik 11.000 Euskadiri dagozkio. Telefonica Fundazioaren arabera, berriz, Euskadi litzateke profesional digitalen gehien behar dituen bosgarren autonomia erkidegoa.
Vital Bootcamps
Vital Fundazioak eta Lanbidek abiarazitako Vital Bootcamps direlakoen helburua da talentu-arrakala horri heltzea eta eskaintza eta enplegu-aukera handiagoak dituzten gaitasun digitaletan prestakuntza eskaintzea. The Bridge-k ematen ditu programa horiek, eta intentsitate eta ikuspegi praktiko handia dute ezaugarri. Batez besteko enplegagarritasun-tasa % 90 ingurukoa izanik, ikastaroetan parte hartzeko ez da aurretiko ezagutzarik behar, eta talde-lanaren bidez trebetasun tekniko espezializatuak eskuratzea dute helburu.
Zibersegurtasun ikastaroa urrian hasiko da, eta zibererasoak egin eta simulatzeko eta ziberzaintza zentroetan lan egiteko gaitasuna emango die parte-hartzaileei. Graduatuak prest egongo dira sektore horretako soldatak Estatuko batez bestekoa baino % 30 handiagoak diren lan-merkatuan sartzeko. Ikastaroak 490 ordukoak izango dira, eta aurrez aurre irakatsiko dira EmpleoArabaren Gasteizko instalazioetan, lanaldi osoko aukerekin (16 aste) edo lanaldi erdiko aukerekin (26 aste). Matrikula doakoa da parte hartzaileentzat.
Aurre-matrikula abuztuaren 26ra arte izango da zabalik eta matrikula egiteko epea irailaren 30ean amaituko da. Interesdunek aurrez izena eman dezakete Lanbideren eta Vital Fundazioaren webguneen bidez.