Zinea, antzerkia eta musika protagonista Giza Eskubideen inguruko II. Jardunaldietan

Martxoaren 23 eta apirilaren 6 bitartean Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen Bakeari, Bizikidetzari eta Giza Eskubideei buruzko jardunaldien bigarren edizioa ospatuko da. Jardunaldiei hasiera emateko Mariposas de Hierro filma eskainiko da. Bertan, hainbat indarkeria motako biktima izan diren emakumeen testigantzak jasotzen dira eta, jarraian, filmaren zuzendari Bertha Gaztelumendirekin hitz egiteko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek.

“Bizikidetza erein. Begiratu bat artearen bidez” lelopean biktimekiko eta haiek egia ezagutzeko, justiziarako eta ordaina jasotzeko duten eskubidearekiko elkartasunetik, bakearen kultura sustatzea eta bizikidetzarako eta adiskidetzerako prozesuak bultzatu nahi dira, elkarrizketan, errespetuan eta irtenbideen bilaketa partekatuan oinarrituta. Jardunaldien egitarauan zine-foruma, antzerkia eta musika, mahai-ingurua eta Alepotik (Siria) bideo-txat bidez egingo den hitzaldia jasotzen dira.

Martxoaren 30ean, Gabriela Ybarrak, Ion Arretxek eta Luis Gardek parte hartuko dute “Biktimen eta bakearen defentsa literaturatik” izenburua daraman mahai-inguruan; beren azken lanari, beren esperientziari eta artetik eta literaturatik giza eskubideen defentsari egiten dioten ekarpena ikusten duten moduari buruz hitz egingo dute.

“Sin adiós-Adiorik gabe” antzerki eta musika proposamena apirilaren 1ean izango da; Mireia Gabilondok eta Teresa Calok zuzendutako arte-muntaia da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren programazioaren barruan aurkeztutakoa, indarkeria jasan zuten hiru lagunen bizitzan oinarritzen dena: Juan Manuel García, Mikel Zabalza eta Francisco Javier Cómez. Indarkeria deslegitimatzeaz gain, batez ere erail zituzten pertsonen bizitzan oinarritzen da; familien parte-hartzea izan dute horretarako.

Amaiera, apirilaren 6an izango da bideo-txat bidez egingo den George Saberen “Buenos dias desde el cielo de Alepo” hitzaldiarekin; Alepoko (Siria) Marista Urdinetako anaia da Sabe, eta Nafarroako Gobernuaren 2016ko Elkartasunagatiko Nazioarteko Saria jaso zuena.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.