ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren LXVI. edizioak euskal film laburrak sustatzea helburu duen Kimuak programaren XXV. edizioa hartuko du. Aipatu programa, Etxepare Institutuak antolatzen du Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan eta ezinbesteko plataforma bilakatu da Euskadiko ekoizpen zinematografikoak nazioarteko jaialdietan izatea bermatzeko.
Kimuak programaren XXV. edizioa ospatzeko, ZINEBIk Kimuak duen katalogoan diren eta Bilbon ez ezik, beste jaialdi batzuetan ere sarituak izan diren hamabi film labur proiektatuko ditu. Proiekzioak Azkuna Zentroan den Golem zinema-aretoan izango dira azaroaren 9an (21:30etatik aurrera) eta azaroaren 10ean (17:00etatik aurrera). Egun horretan, gainera, film laburren banaketa autonomikoko katalogoen III. topaketa izango da Azkuna Zentroan. Bertan izango dira, besteak beste, ShortCat (Katalunia), Shortzinema (Nafarroako Foru Erkidegoa), Cantabria en Corto (Kantabria), Curts (Valentziako Erkidegoa), Quercus (Gaztela eta Leon), Jara (Extremadura), Madrid en Corto (Madrilgo Erkidegoa) eta Andaluziako Ikus-entzunezkoen Sustapen Katalogoa (Andaluzia).
Hamabi film labur
Ikusgai izango diren lan horien artean aurkitzen dira, adibidez, Estíbaliz Urresolak, Aitor Arregik eta Borja Cobeagak zuzendutako lanak. Zehazki, hauek izango dira ikusi ahal izango diren film laburrak:
- “Ximinoa” (Itziar Leemans, 2023)
- “Cuerdas” (Estibaliz Urresola, 2022)
- “Areka” (Atxur Animazio Taldea, 2021)
- “Azaletik azalera” (Mel Arranz, 2021)
- “El infierno” (Raúl de la Fuente, 2019)
- “Mateoren ama” (Aitor Arregi, José Mari Goenaga, 2019)
- “Gure hormek” (Las Chicas de Pasaik, 2016)
- “Hotzanak, For Your Own Safety” (Izibene Oñederra, 2013)
- “Zela Trovke” (Asier Altuna, 2013)
- “Deus et machina” (Koldo Almandoz, 2012)
- “La primera vez” (Borja Cobeaga, 2011)
- “La gallina ciega” (Isabel Herguera, 2005)
Aldi berean, ZINEBIk 2023an Europako Film Labur Onenaren Saria irabazteko hautagai izan ziren bost film labur ere proiektatuko ditu:
- “27” (Flóra Anna Buda, Frantzia-Hungaria, 2023)
- “Aqueronte”(Manuel Muñoz Rivas, Espainia, 2022)
- “La herida luminosa” (Christian Avilés, Espainia, 2022)
- “Flores del otro patio” (Jorge Cadena, Suitza-Kolonbia, 2023)
- “Hardly Working” (Total Refusal, Susanna Flock, Robin Klengel, Leonhard Müllner, Michael Stumpf, Austria 2022)
ZINEBI Europa mailako sarietarako hautagaiak izendatzeko gaitasuna duen 28 jaialdietako bat da. Aurten, Lucernan (Suitza) egingo da, abenduaren 7an, Europako Film Labur Onenak saritzeko gala.