Zinema sozialerako eta hausnarketa globalerako plataforma

Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak 43 herrialdetako 81 film hartuko ditu hasi berria den bere XVI. edizioan

Urriaren 10etik 17ra bitartean izango den Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak egungo gizarte-problematiken inguruko hausnarketa eta kontzientzia kritikoa lantzeko gune izaten jarraituko du. Hasi berria den edizioak 43 herrialdetatik etorritako 81 film proiektatuko ditu. Film horien erdia baino gehiago emakumeek zuzendutako filmak dira. Gainera, Afrikak protagonismo berezia izango du, ikusi ahal izango diren filmen ia laurden batek kontinente horretan bizi diren errealitate ezberdinak jorratzen baititu.

Bilbo jaialdiaren egoitza nagusia den arren, emanaldiak izango dira Euskadiko beste zenbait udalerritan ere: Gasteiz, Getxo, Barakaldo, Mungia eta Ondarru.

Filmak

Proiekzioek guztira 596 emanaldi izango dituzte, 150 saiotan banatuta, eta 38 pantailatan egongo dira eskuragarri, hainbat espaziotan banatuta, Bilboko Golem Zinema, Guggenheim Museoa eta Barakaldo Antzokia barne. Gainera, 19 institutuk filmak proiektatuko dituzte.

Aurtengo berrikuntzen artean, azpimarratzekoak dira batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleek egindako bost film laburren parte-hartzea, baita Invisible Express lehiaketa ere, non Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) 58 ikasle taldek parte hartuko duten. Zazpi euskal zinemagileren film laburrak ere proiektatuko dira, jaialdiak tokiko zinema sozialarekin duen konpromisoa berretsiz.

Edizio honetan jorratutako gaien artean daude herri indigenen eskubideak, gatazka armatuak, LGBTI+ eskubideak, genero-desberdintasuna eta bizimodu jasangarriak. Gai horietan sakontzeko, 30 zineforum baino gehiago antolatu dira, eta munduko hainbat lekutako zinemagileek beren lanetan planteatutako gaiei buruz hitz egingo dute publikoarekin.

Inaugurazio-ekitaldia

Azkuna Zentroak hartu du jaialdiaren inaugurazio ekitaldia, urriaren 10ean eta bertan itxiko da, urrairen 17an, aurtengo edizioa.

Bi galetan Maribel Salas, Sol Magunagoikoetxea, Gemma Martínez eta Unai Celaya Pujol biolinistak parte hartuko dute. Itxiera ekitaldian, gainera, dantza garaikideko emanaldi bat eskainiko dute Senegaleko dantzariek eta The Cherry Boppers musika talde bilbotarrak.

Jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren eLankidetza-Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Emakunderen babesa du, besteak beste.