Zure dirua kudeatzen jakitearen garrantzia

Gazteriak egun duen arazo nagusietako bat emantzipazioarena da. Lan merkatuaren egoera dela eta, gazteok gero eta beranduago joaten gara gure gurasoen etxetik. Horrek, nolabait, atzeratu egiten ditu lehenago edo geroago aurre egin beharko diegun zenbait erantzukizun; esate baterako, eguneroko hainbat gasturen ardura bere gain hartzea edota ordura arte behar izan ez dituzten hainbat finantza-produktu kontratatzea. Adibidez, etxe bat erosi nahi badugu, seguruenik, hipoteka-kreditu bat eskatu beharko dugu, baina zein da horrelako produktuen inguruan dugun ezagutza?

Zoritxarrez, eta horri buruz egin diren hainbat ikerketak erakutsi dutenez, herritarrek, oro har, eta gazteek, bereziki, diruaren erabilerari eta finantza produktuei buruz duten ezagutza-maila nahiko urria da. Adibidez, PwC Fundazioak berriki egin duen azterlan baten arabera, finantza-hezkuntza maila Espainian inguruko herrialdeetakoa baino baxuagoa da. AXA IM-ek egin duen beste azterlan baten arabera, berriz, Estatuko biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 53) finantzei buruzko ezagutza-maila oso baxua du (Erresuma Batuaren maila berean). Datu hori Italiako biztanleriarena baino zertxobait okerragoa litzateke (% 48), eta Suitzako biztanleriak azaltzen duen ezagutza-mailatik oso urrun (% 36). 

Gure gizartea garatu ahala, konplexuago bihurtzen dira herritarren eskura dauden finantza-zerbitzuak eta -produktuak, eta, horregatik, garrantzitsuagoa da gastu, aurrezki eta inbertsioari buruzko erabaki onenak hartzeko aukera emango duen finantza-hezkuntza izatea.

Baina, ziurrenik, Estatuko herritarren finantza-eskumenen mailari buruzko irudirik errealena Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak 2016. urtean elkarlanean egin zuten Competencias Financieras (ECF) 2016 izenburuko inkestan aurkituko dugu. Aipatu inkestaren xedea zen Estatuko 18 eta 79 urte bitarteko populazioaren finantza-kontzeptuen ezagutza eta ulermena neurtzea. Bertan jasotako datuen arabera, Espainiako biztanleen % 46k uste du bere finantza-ezagutzak “baxuak” edo “oso baxuak” direla. Ezagutza “altua” dutela uste dutenen kopurua % 8koa besterik ez da.

Orokortutako gabezia

Finantza hezkuntzan den hutsunea ez da Estatuan edo Euskal Herrian soilik aurki daitekeen arazoa. Izan ere, gure inguruko herrialde guztietan hainbat gabezia ikusten dira finantza hezkuntzari dagokionez. Horregatik, ELGE erakundeak edo Europako Batzordeak berak duela hainbat urte finantza hezkuntza sustatzearen beharra azpimarratu zuten. Europatik, adibidez, Europako herritarrei ezagutzak eta kualifikazioak transmititzeko beharra aurreikusten zen, beren finantza pertsonalen kudeaketan erabaki zuzenak hartzeko gaitasuna eskuratzeko. ELGEk, berriz, finantza-hezkuntzan diren gabezia horiek guztiek jatorria eskola garaian dutela ikusi zuen eta, horregatik, 2012. urteaz geroztik, alderdi horri lotutako kategoria bat gehitu zion PISA azterketari. 2018ko txostenean Espainiako autonomia-erkidegoak sartzeko aukera izan zen, baina orduan bakarrik Gaztela eta Leon eta Euskadi sartu ziren. Euskadik 492 puntu lortu zituen, ELGEn lortutako batezbestekoaren azpitik (505). Aipatu txostenaren arabera, Espainian eta ELGEn, ikasleen % 15 inguru ez zen finantza-eskumenaren arloan gutxieneko mailara iristen. 

PISA 2018 Results. Are students smart about money? txostenaren IV. bolumenean jasotzen denez, korrelazio positibo handia dago finantza-alfabetatzearen eta matematikako (0,87) eta irakurketako (0,83) gaitasunen artean.

Era berean, aipatu txostenak adierazten du harreman positiboa dagoela oinarrizko finantza-produktuetarako sarbidearen eta lortutako puntuazioaren artean; hau da, hobeak dira kontu edo txartel bat eskura duten ikasleen emaitzak horrelako produktu edo zerbitzuak ez dituzten ikasleenak baino.

ELGEren txostenean azpimarratzen denez, gurasoak dira gai horiei guztiei buruzko informazio-iturri ohikoena. Hortik ondoriozta daiteke, halaber, garrantzitsua dela helduei zuzendutako prestakuntza finantzarioko planak ere garatzea, horrela beren seme-alabei zeharka proiekta diezaieten.

Zer da finantza-hezkuntza?

Funtsean, finantza-hezkuntzatzat hartzen da pertsona batek merkatu-ekonomian diruak eta finantza pertsonalak nola funtzionatzen duten ulertzeko gaitasuna sustatzen duen edozein ekintza, oraingo, etorkizuneko eta erabateko bizi-kalitatea bermatzeko. Laburbilduz, finantza-hezkuntza finantza-kudeaketako trebetasunak behar bezala ulertu eta aplikatzeko gaitasuna litzateke.

Adituek azaltzen dutenez, gure gizartea garatu ahala, konplexuago bihurtzen dira herritarren eskura dauden finantza-zerbitzuak eta -produktuak, eta, horregatik, garrantzitsuagoa da gastu, aurrezki eta inbertsioari buruzko erabaki onenak hartzeko aukera emango duen finantza-hezkuntza izatea.

Adituen ustez, 18 eta 30 urte bitarteko gazte batentzat, gomendagarriena da hilean aisialdirako neurrizko aurrekontu bat erabiltzea eta, ahal izanez gero, gainerako dirua modu antolatu batean aurreztea posible egingo digun arrisku gabeko kontu bereizi batean jartzea.

Esan bezala, finantza-hezkuntzak ahalbidetzen du pertsonak erabakiak hartzea arrazoiak hobeto ezagututa. Finantza-kultura egokia duen bezeroa jabetzen da aurrezpenaren garrantziaz, haren kokapen egokiaz eta finantza pertsonalak zaindu eta kontrolatzearen garrantziaz; izan ere, hobeto ezagutzen ditu bere mugak, isuri kognitiboak… arrisku eta konplexutasun handiko produktu edo zerbitzuen aurrean erabaki garrantzitsuak hartzeko komeni da profesionalen aholkua jasotzea.

Finantza-hezkuntza hainbat modutan gara daiteke, baina, aldi berean, argi izan behar da, halaber, sektoreko profesionalei zuzendutako berariazko prestakuntza (hala nola, unibertsitate-ikasketak…) ez dela sartzen finantza-hezkuntza deritzon horretan. Hau da, ikasketa arautuak, Administrazio eta enpresen zuzendaritza gradua, ekonomia, masterrak, administrazioko heziketa zikloak eta Finantzak ez lirateke finantza-hezkuntzaren arlokoak izango.

Finantza-hezkuntzak jokabidearen hainbat alderdi biltzen ditu, pertsonek beren baliabideak nola erabiltzen dituzten eta finantza-erabakiak nola hartzen dituzten kontuan hartuta (kontuan hartzen dituzten faktoreak eta erabiltzen dituzten trebetasunak barne). Banakako jokabidea edo portaera hainbat ikuspuntutik begiratzea eskatzen duen dimentsio anitzeko kontzeptua da.

Horregatik, haur eta gazteen artean finantza-kultura sustatzea lehentasun sozial, ekonomiko eta politikoa bihurtu da herrialde askorentzat.

Finantza-hezkuntza eta gazteak

Gazteek, printzipioz, etorkizun osoa dute aurretik. Gurasoen etxean bizi diren bitartean, finantza-erabaki garrantzitsuenak gurasoei dagozkie, baina une batean, gazteek finantza-betebehar eta -erantzukizunei aurre egin behar diete. Horregatik, garrantzitsua da, unea iristen denean, erabakirik onena hartzea ahalbidetuko duen oinarri egokia izateko prestakuntza aproposa izatea.

Haur eta gazteen artean finantza-kultura sustatzea lehentasun sozial, ekonomiko eta politikoa bihurtu da herrialde askorentzat. 

Adibidez, adituek gomendatzen dutenez, 18 eta 30 urte bitarteko gazte batek ahal duen guztia aurreztu beharko luke, diru-sarrerak jasotzen hasten den garaian dagoelako, eta aisialdian eta bidaietan gastatzeko tentazioa oso handia delako. Gomendagarriena hilean aisialdirako aurrekontu bat erabiltzea da, neurrizkoa eta, ahal izanez gero, gainerako dirua modu antolatu batean aurreztea posible egingo duen arrisku gabeko kontu bereizi batean jarri.

Izan ere, behin eta berriz errepikatzen diren ekintzak laster ohitura bihurtzen dira; beraz, gazteak aurrezkiaren eta inbertsioaren kultura ezartzen hasten badira, ekintza horiek beren finantza-bizitzaren zati bihurtuko dituzte, modu errazagoan, txikitatik dirua erabiltzen ikasiz.

Finantza-hezkuntza hezkuntza kurrikuluan

Finantza-hezkuntzaren bultzatzaile nagusia munduan ELGE izan da. Estatuan, Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak hartu zuten lekukoa eta eta LOMCEren bidez, finantza-hezkuntzan aukera eman zen konfigurazio autonomiko libreko irakasgaiak sortzeko. 

Euskadin eta Nafarroan, finantzetako oinarrizko hezkuntza Oinarrizko Hezkuntzan sartu da, Ekonomia eta Ekintzailetza eta Enpresa Jardueraren Hastapena irakasgaiekin; eta Batxilergoan, Ekonomia, Enpresaren Ekonomia eta Administrazio eta Kudeaketa Oinarriak irakasgaiekin.

Aldi berean, zenbait erakunde, batez ere bankuak, beren finantza-hezkuntzako programak garatzen eta ematen hasi dira ikastetxeetan. Prestakuntza horren guztiaren helburua da gazteek diruaren erabileraren inguruko eta finantzen munduko oinarrizko kontzeptuak ulertzea, helduarora igarotzeko ezinbestekoak izango zaizkien gaitasun eta ezagutza batzuk lor ditzaten.


ANDONI BEGOÑA.
Laboral Kutxa. Finantza-hezkuntzako koordinazioa

“Finantza-hezkuntzak diruaren inguruko erabakiak hartzen lagun dezake”

Zergatik da hain garrantzitsua gaztetatik oinarrizko finantza-hezkuntza bat jasotzea?

Zoritxarrez, oraindik ere, jende asko zurru-murru eta topikotan oinarritzen da diruaren inguruko erabakiak hartzean. Finantza-hezkuntzaren bitartez hau alda daiteke. Finantza-hezkuntza egoki batek emango digu eragiketa ekonomiko bat egiterakoan egon daitezkeen aukera ezberdinak alderatzen jakiteko gaitasuna eta baita erabaki batek izan ditzakeen ondorioak aurreikusteko gaitasuna. Adibidez, egun, kontsumorako aukerak neurrigabeak dira; digitalizazioak erraztuta, 24 orduz eta gure etxetik mugitu barik. Baina ez bagara gai erosketa aukera horiek guztiak bideratzeko edo antolatzeko, gehiegizko gastuetan erortzeko eta desoreka finantzarioak izateko arriskua dugu eta, horren ondorioz, baita beharrezkoak ez ditugun gauzak erosteko gehiegizko zorpetzera jo behar izatea ere.

Zure esperientzian oinarrituta, zein nolako gabeziak ikusi dituzu euskal gazteen artean?

Gazteengan egungo gizartearen isla den joera bat ikusi dugu: edozer azkar eta erraz lortzeko joera, azterketa sakonegirik egin gabe eta informazio iturriak ondo ezagutu gabe. Oro har, gabeziei dagokienez lau esparru aipatuko nituzke. Lehenengoa, gehiegizko kontsumoaren ingurukoa; bigarrena, diru-sarrera eta gastuen arteko oreka mantentzearen ingurukoa; hirugarrena, aurrezteko gai direnei, diru hori non gorde ala inbertitzearen ingurukoa; eta, azkenik, nola zorpetu modu egoki eta sostengarri batean.

Gazteen aldetik horrelako ezagutzak edo prestakuntza izatearen beharra jaso duzue? 

Unibertsitateko ikasleen artean egin genuen azterketa batean, gazteek honako gai hauei buruzko beharrak aipatu zizkiguten: aurrekontu pertsonala (diru-sarrera eta gastuen kontrola izatea); lan-merkatura sartzean, hor sortzen diren egoeren ezagutzaren inguruko beharrak (nomina, errentaren zerga, gizarte-segurantza, sor daitezkeen gastuak…); eta, aurrezkia eta inbertsioa, hau da, aurreztutako dirua non gorde edo inbertitu daitekeen.

Gehiengo zabal batek azaldu zuenez, finantzen kudeaketa bizitzarako oso baliagarria den gai garrantzitsua iruditzen zitzaien, baina, era berean, aitortzen zuten gai hori ez zitzaiela erakargarri egiten. Gu lanean dihardugu hori aldatzeko.

Zeintzuk lirateke Laboral Kutxan garatu duzuen prestakuntzaren ardatz nagusiak?

Gazte jendeari espresuki zuzendutako honako bi ardatz hauek dauzkagu abian. Alde batetik, unibertsitatera zuzendurik, “Finantzargi-Oinarrizko finantzak unibertsitate ikasleentzat” programa daukagu, non aurrez aurreko tailerren bidez aurrez aipatutako gaiak jorratzen diren, beti ere modu praktiko eta metodologia ludiko bat erabiliz.

Bestalde, DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako, “Finantzetan Murgilduz” hezkuntza-programa dugu, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortutakoa. Aipatu ditugun gaiak jorratzeaz gain, eskola-curriculumean eskatzen zaizkien beste gai batzuk ere jorratzen dira, betiere, irakasleen gidaritzapean eta ikasgelan bertan egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.