Gasteizko Udalak zurrumurruen aurkako oinarrizko formakuntzarako ikastaroak antolatu ditu. Saioak urriaren 17an, 19an eta 24an eta azaroaren 2an eta 4an emango dira Lakuako Gizarte Etxean. Ikastaroan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.
Gasteizko Udalaren Zurrumurruen Aurkako Estrategiak eguneroko solasaldietan migratzaileen inguruan izaten diren zurrumurruei aurre egin nahi dieten horiei guztiei eduki teorikoa eta komunikazio-tresnak eskaini nahi dizkie. Hamar orduko formakuntza izango da, esan bezala, bost egunetan banatuta. Ikastaroak Xabier Aierdik, Andrea Ruiz Balzolak, Maya Amranek eta Asier Gallastegik irakatsiko dituzte. Formakuntza osatzen duten horiek Zurrumurruen Aurkako Agenteen Sarean parte hartzeko aukera izango dute.
Formakuntza
Saioetan zurrumurruak eta migrazioen inguruan diren pertzepzioak eta jarrerak aztertuko dira. Gainera, kultura eta arraza kategoriak nola sortzen diren ere aztertuko da.
Zurrumurruen aurkako estrategiak ahalik eta jende gehien erakarri nahi du Zurrumurruen Aurkako Agenteen Sarea zabaltzeko. Horrez gain, egitasmo horren xedea da, besteak beste, pentsamendu kritikoa sustatzea eta estereotipoek eta zurrumurruek elkarbizitzan duten eragin negatiboaren inguruan sentsibilizatzea.